XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); garrantzi handiko gauzetan, berriz, batzu eskenaz emango ditu, irakurleak zuzen-zuzenean jaso ditzan, eta beste batzu, azkenik, denbora errealak eskatuko lukeen baino luzeago, kontatu ez ezik, gogoeta ere egin nahi bait da.

Iraupenaren bidez ere, ikus daitekeenez, nobelaren esanahia eraiki daiteke, garrantzi handiagoa hartzen duten zatiek pisu handiagoa ere edukiko bait dute esanahiari begira.

Idazketaren eta irakurketaren denbora Nobelan bertan dagoen denbora horrez gain, denbora errealak ere badu bere garrantzia, nobelaren esanahia zein den zehazterakoan.

Idazlea, izan ere, bere garaiko gizona da eta literaturak baditu, idatzia den garaiaren arabera, zenbait muga.

Ez da berdin irakurtzen, esaterako, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zen garaian eta gaur.

Txillardegiren nobela hau, izan ere, nobela existentzialista direlakoetatik bat dugu.

Idatzi zenean egiten zen existentzialismoaren irakurketa eta gaur egiten duguna desberdinak dira puntu asko eta askotan.

Beste horrenbeste esan dezakegu nobela existentzialistari berari buruz ere, ez bait da berdin, Sartre-k eta Camus-ek idatzi zuteneko garaia eta gaur bizi duguna.

Orduan, existentzialismoa indar handiz ziharduen filosofia zen, gaur ez bezala, dudarik gabe, filosofia horretako hainbat eta hainbat gauza guri ere geratu bazaizkigu ere.

Modan zegoen filosofia zekarren nobela-mota idaztea berezko gauza zen, nobelak, beste gauza askoren artean, bere gizartea erakusten bait du; erraz uler liteke, ordea, gaur nobela existentzialista egiteak beste esanahi bat edukiko lukeela.

Aipatu dugun Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, jarri dugun adibidea ez uztearren, desberdin irakurtzen da gaur eta idatzi zenean.

Nobelaren esanahia zein den esaterakoan, beraz, nobela idatzirik dagoen garaia kontutan hartu beharko dugu.

Indarrean dirauten filosofia eta ideologiek beren mugak ezartzen badituzte, berriz, garaia definitzen duten beste hainbat ezaugarrik ere beste horrenbeste egiten dute.

Hala, ez da berdin nobela diktadura-garaian idaztea eta demokrazian idaztea.

Diktadura-garaian idazten denak zentsura iragan behar du, nahi eta nahi ez, normalean.

Esango diren gauzek, hortaz, zentsura hori igaro ahal izateko modukoak izan beharko dute eta, ondorioz, diktadurak begi onez ikusten duen ezeren kontrakorik esaten bada, ezkutuan esan beharko da, nobela argitaratuko bada.

Ezin irakur genitzake, ikus daitekeenez, berdin, diktadura garaiko liburua gaurko begiz eta erizpidez, esanahia aldatu egingo bait diogu nobelari.

Eta jarri ditugun adibide hauek bezala, hainbat faktorek mugatzen dute idazketa eta irakurketaren denboren arteko aldea, modek, literatur gustuek, argitalpen politikek eta abar luze batek beren esanahi-zatiak erasten dizkiotelarik.